Izan Ginenak

Emakumeen bizitzak

IZAN GINENAK > EMAKUMEEN BIZITZAK > BENITA ASAS MANTEROLA

BENITA ASAS MANTEROLA 1873

Benitaren ustez mugimendu feminista mobilizazioaren bidez aldarrikapenak lortzen zituzten beste mugimendu sozial batzuen parekoa zen.

Francoren tropak sartu zirenean, funtzionario publiko askoren kasuan arazketa prozesuak ekarri zituen.

Benita Asas Manterola 1873an jaio zen Donostian. Ruperto Asas Aja eta Plácida Manterola Vidalen alaba izan zen. Irakasle ikasketak egin zituen Valladoliden eta lehenik Bilbon eta ondoren Vallehermosoko (Madril) eskola publikoetan irakasle izan zen. Espainiako mugimendu feministaren XX. mende hasierako bi argitalpenen zuzendaria izan zen: El Pensamiento Femenino (1913-1916) eta Mundo Femenino (1921-1936). 

ANMEko (Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala) zuzendaritza batzordeko lehendakaria izan zen 1924tik 1932ra arte, eta irakasten eta idazten jarraitu zuen Gerra Zibila hasi zen arte. Gerra Madrilen bizi izan zuen. 

Mugimendu feministaren bozeramaile
Betidanik emakumeen berdintasun eta eskubide falta salatu zituen eta emakumeen sufragioa aldarrikatzen zuen. Benitaren ustez mugimendu feminista mobilizazioaren bidez aldarrikapenak lortzen zituzten beste mugimendu sozial batzuen parekoa zen, eta, beraz, nortasun sozial, zibil eta politikoa lortu behar zuela adierazten zuen.

Bere lehen argitalpenak irakaskuntzarekin eta erlijioarekin lotuta egon ziren. Horietan gogor kritikatu zuen beste gai bat amatasuna emakumeak menderatzeko arrazoia izatea izan zen. Gainera, Eliza katolikoak berdintasunaren aldeko emakumeen borrokan zuen papera aztertu zuen. Benitak bere burua beti katolikotzat aitortu bazuen ere, bereziki kritikatzen zuen Eliza bere idazkietan.

Inhabilitazioa
Francoren tropak Madrilen sartu zirenean, errepresio prozesu bat hasi zen, eta funtzionario publiko askoren kasuan, arazketa prozesuak ekarri zituen.

Mugimendu ezkertiarreko kide izatea, La Tranca eta Fray Lázaro ideologia ezkertiarretako bi aldizkaritan argitaratu izana eta gerran errepublikarren aldekoa izatea leporatu zioten. Salaketa horiek ukatu zituen, baina, azkenean, baztertu egin zuten, eta 1940ko azaroaren 9an Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren kargu guztietatik inhabilitatzeko eta lekuz aldatzeko agindu zuten.

1941eko urrian Collado Villalbako Udal Eskoletara bideratu zuten Benita. Hiru hilabete bakarrik eman zituen bertan, 1942ko urtarrilean erretiroa eskatu baitzuen 44 urtez irakasle aritu ondoren. Erretiroa hartu ondoren, Bilbora joan zen eta bertan bizi izan zen bere familiarekin. Feminismoaren alde borrokatzen jarraitu zuen 95 urterekin Bilbon hil zen arte.

Iturria: Donostiako Udala eta Aranzadi Zientzia elkartea. (2019). Donostia 1936: Oroimena izendatzen. Giza eskubideen urraketak Gerra Zibilean eta Frankismoan. www.donostia.eus/1936