Egitasmo honen bidez, jakin gabe historia egin duten hainbat eta hainbat euskal emakumeren bizitzen testigantzak bildu nahi dira. Famarik gabeko bizitza izan duten emakumeak, baina isileko lana eginez eta historia liburuetan agertu gabe, gizarteak aurrera jarrai zezan lan egin zutenak.
IZAN GINENAK emakumeen begiradatik eraiki da eta emakume arrunten bizitzak balioan jarri nahi ditu, belaunaldi berriek historiaren zati baten kontaketa begirada horretatik jaso dezaten.
Historiako beste hainbat garaitan bezala, emakumeen papera isilekoa, baina garrantzitsua izan zen: jatekorik ez zegoen tokian, familia guztia elikatzeko magia egiten zuten; gizonezkoak atxilotuta, erahilda edo gudan zeuden bitartean, familia zaintzen eta aurrera ateratzen zuten; batzuk umiliazio-keinu gisa modan jarri ziren ile-mozketak jasan zituzten, euskara debekatua zegoen garaian familiako hizkuntza izaten jarrai zezan borrokatu zuten; gaixotasunei aurre egin behar izan zieten malkoak irentsiz eta seme-alabengatik aurrera eginez...
Emakume haiek izandako bizitzen ekarri gaituzte gu gaurdaino eta ez dute inolako aitortzarik jaso, ez kanpoan ezta segur aski etxe barruan ere. Tokatu zitzaien bitzitza izan zen, baina tokatu zitzaienari ahalik eta ausardia handienarekin egin zioten aurre.
Hala, webgune honen helburua garai eta izaera desberdinetako emakumeen bizitzak biltzen joatea da. Abiapuntua gerra zibileko urteak pairatu zituzten emakumeen istorioek jarriko dute, baina helburua etorkizunean bestelako istorioak eta kontakizunak biltzen joatea da.