Izan Ginenak

Emakumeen bizitzak

IZAN GINENAK > EMAKUMEEN BIZITZAK > SOLEDAD KORTA ETXEBERRIA

SOLEDAD KORTA ETXEBERRIA 1906

Bigarren Errepublikan eta gerran zehar izan zuen militantzia politikagatik eta abertzaleagatik Auzitegi Militar frankistek epaitu zuten Soledad.

Emakume Abertzale Batzak Batzokian egiten ziren antzerkietan parte-hartzen zuen eta 1936ko otsaileko hauteskundeetako ahaldun izan zen.

Soledad Korta, Pilar Etxeberriaren eta Jose Joakin Kortaren alaba, 1906ko apirilaren 10ean Zestoan jaio zen. Gaztetan, Emakume Abertzale Batzak Batzokian (1922an sortutako EAJko emakumeen elkarte nazionalista) egiten ziren antzerkietan parte-hartzen zuen aktore gisa. 1936, hogeita hamar urte zituela, otsaileko hauteskundeetako ahaldun izan zen eta horrek, aurrerago, hainbat arazoa ekarri zizkion. Tropa frankistak Zestoan sartu zirenean, herrian geratu zen Soledad.

Bigarren Errepublikan eta gerran zehar izan zuen militantzia politikagatik eta abertzaleagatik Auzitegi Militar frankistek epaitu zuten Soledad.

Agüistaren salaketa
1941eko urriaren 3an, frankismoaren lehenengo urteetan, Modesta Arizmendi elizondoarrak Soledad Korta Etxeberriaren gaineko salaketa jarri zuen “antipatriótica” zela adieraziz. Modesta Arizmendi Zestoako bainuetxean zegoen egun batzuk pasatzen eta bere deklarazioen arabera, Soledad Kortaren senide zen Jose Leon Zabaletaren okindegira joan zen Zestoako Udalak emandako errazionamendu txartelarekin ogia jasotzera. 

Modesta okindegira joan zenerako, ogirik ez zegoen eta hurrengo egun batean goizago joatea gomendatu zioten. Modesta Arizmendik salatu zuen, horrez gain, Soledad Kortak hurrengoa esan ziola “Que no eran quién para dar pan a la compareciente y que no se le daría; agregando a voz en grito: Ya dará esto vuelta, ya veremos donde paran los navarros, que vengan, que vengan a pedirnos favores”.

Salaketa horren eraginez, 1941eko urriaren 30ean Soledad Korta Etxeberria poliziak atxilotu egin zuen eta handik gutxira Donostiako Probintziako Kartzelara eraman zuten. 1941eko azaroaren 8an Donostiako Probintziako Kartzelatik atera eta Zestoako bere etxean espetxealdi arindua betetzera zigortu zuten. Horren ondorioz, 15 egunean behin udaletxera sinatzera joan behar izango zuen. Egoera horretan, Soledad Kortak bere bizitza oso mugatuta zuen herritik ateratzeko instituzio frankisten baimena behar zuelako. Esaterako, 1941eko abenduan, bere izeba Calahorran kataratetatik operatu behar zuten eta hari laguntzeko baimena eskatuz bere aurkako kausa zeraman epaileari idatzi behar izan zion 15 egunean Zestoatik kanpo egotea eskatzeko.

Askatasuna
1944ko urtarrilean Soledad Kortaren defendatzaile zenak txosten bat bidali zion epaile militarrari. Txostenean gertakaria gaizki ulertu bat besterik ez zela izan adierazten zuen. Modestak ogia emateko eskatu zuenean Soledadek bera "agüista" izateagatik ogi-hornidurarako eskubiderik ez duela adierazi zion; izan ere, kanpotarrei ogi-txartela emateari utzi zioten urriaren 1etik aurrera. Ezezkoaren aurrean Modestak Gipuzkoako ogiaren irina Nafarroatik zetorrela erantzun zuen eta nafarrek ezin bazuten ogi hori jan (Modesta Elizondoako zen), Nafarroako iringileek uko egin behar ziotela irina Gipuzkoara bidaltzeari. Jarrera horren aurrean, Soledadek baldintzak aldatuko zirela eta nafarrek mesede eske etorriko zirela esan zion, normaltasun ekonomikoa berreskuratzerakoan eta iringileek beren salgaiak esfortzurik gabe saldu ezin zituztenean (momentu horretan gertatzen zen bezala), bezeroen mesedearen bila atera beharko zutela adierazi nahian. 

Txosten horretan idatzitakoari esker 1944ko urtarrilaren 17an Donostian bildutako Gerra-Kontseiluak absolbitu egin zuen Soledad Korta Etxeberria. 
 

Iturria: Zuloaga Muxika, Ione. (2023). Zestoa 1936-1959: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan. (II. Liburukia). Aranzadi Zientzia Elkartea.