Gernikako bonbardaketa ondoren idatzi zuen bere lehen poema: Gernika sutan.
Caracasen abertzaleen agerkarietan idatzi zuen Euzkadi, Euzko Gaztedi, Sabindarra eta Irrintzin batez ere eta Radio Euzkadiko esatari ere jardun zuen.
Balendiñe Zumaian jaio zen. Ama, Endañeta baserriko Manuela Aizpurua. Aita, Juli Simon Albizu, itsas-gizona. Zazpi senideren artean seigarrena eta neska bakarra. Bost urte zituela hasi zen eskolan eta ez zekien gaztelaniaz.
14 urte zituela Julio Beobide eskultorearen modelo lanean hasi eta haren modelorik ezagunenetarikoa bihurtu zen. Lantegi hartan sortu zitzaion irakurtzeko grina, baina garai hartan elizako liburuetatik aparte, ezin zen beste askorik irakurri eta Balendiñek ezkutuan landu behar izan zuen bere zaletasun hori. Irakurketaz gozatzeak idazteko gogoa sortu zion. Bi olerki liburu idatzi zituen 1972 eta 1984an.
Gerra Zibila
Gaztaroa laster goibeldu zitzaion Balendiñeri. Gerra Zibila aurrera zihoala, frankotarrak Donostiaz jabetu ziren eta 1936ko irailaren 21ean, itsasontzi bat hartu zuen jaioterrian eta Ondarroara jo. Emakume bakarra zen berrogeiren bat gizasemeren artean; berarekin zihoazen lau neba. Gero Bilbora abiatu zen eta han, Sabin Etxean, ezagutu zuen Juan Manuel Bilbao, Mundakako Uri Buru Batzar-eko presidentea, gerora bere senarra izango zena. Berarekin Mungiara joan zen eta han jardun zuen Balendiñek, lehenengo batzokian eta gero mojen komentuan lanean gudariei laguntzen: jaten ematen, arropak garbitzen zein txukuntzen.
1937ko apirilaren 26an Gernikan zeuden hegazkinak azaldu eta bonbak lehertzen hasi zirenean, lubaki batean gorde behar izan zuten. Mundakara itzuli eta Queipo de Llanori irratiz entzun zionean frankistek kiskali zutela Gernika, Balendiñe suak hartu zuen. Horri irtenbidea emanez idatzi zuen bere lehen poema, Gernika sutan.
Gerrak aurrera egin zuen eta Balendiñe eta bere lagunek Mundaka utzi eta Bilbora jo behar izan zuten. Hiri hau galdutakoan berriz, Santanderrera. Berriro ere alde egin beharko zutela jakinik, kontrako bidea hartu eta Bidartera joan ziren, Ipar Euskal Herrira. Han, Jaurlaritzak eritegi modura zeukan La Roseraie etxean kokatu eta bertan jaio zen seme zaharrena, Josu, 1939ko abenduaren 12an.
Erbestea
Gerra amaitu ondoren, errepresalien beldur, 1940ko martxoaren 13an Venezuelarako bidea hartu zuten Marsellako portuan. Handik gutxira senarrarengandik dibortziatu zen eta berriro ezkondu Rafael Calvo Leturiarekin.
Erbestean EAJren ekimenetan parte hartu zuen. Caracasen abertzaleen agerkarietan idatzi zuen Euzkadi, Euzko Gaztedi, Sabindarra eta Irrintzin batez ere eta Radio Euzkadiko esatari ere jardun zuen.
Itzulera
Franco hil ostean, hainbat urtez, Euskal Herria eta Venezuelaren artean bizi izan eta gero, 1995ean behin betirako kokatu zen jaioterrian zituen bi seme zaharrenekin. Venezuelan geratu ziren, ordea, seme- -alaba gazteenak, biak Unibertsitateko irakasleak: “Horixe da gerra madarikatuak utzi didan azken hutsunea, erbestean gelditu diren seme eta alabarena” adierazten zuen.