Etxean ez zuten gerrari buruz hitz egiten, aitari ez zitzaion gustatzen eta amari gutxiago.
Kalean ez zen politikari buruz hitz egiten, ezta euskaraz hitz egin ere, zigorren bat jasotzearen beldur.
Begoña Errasti 1939ko irailaren 18an jaio zen Amube baserrian. Aita, Francisco Errasti Egiguren “Trukuman” zestoarra, Eusko Gudarosteko Osasun-zerbitzuko kidea izateagatik, kartzelara sartu zuten. Ama, Juana Agirre Oiarzabal azpeitiarra, Azpetitik kanporatu zuten frankistek bere senarra Gudarostearekin joateagatik.
Etxean ez zuten gerrari buruz hitz egiten, aitari ez zitzaion gustatzen eta amari gutxiago. Begoñak kanpotik jasotzen zituen gauzak. Kalean ez zen politikari buruz hitz egiten, ezta euskaraz hitz egin ere, zigorren bat jasotzearen beldur.
Garai hartako eskola
Urtean behin, alkatea, zinegotzia, apaiza, madre superiora... joaten ziren eta batzuei azterketa egiten zieten. Bitan zigortuta Panplonako Ursulinatara bidali zutela gogoratzen du. Lehenengoa, hilabete “por rebelde a la política”. Bigarren aldia dantza egiteagatik izan zen. Garai hartan, ezin zen mutilekin dantza egin. Accion Catolica-ko emakume batzuk alde batetik bestera ibiltzen ziren mutilekin dantza egiten zuten neskak denuntziatzeko. Behin, Santiyo egunean mutil batekin dantza ikusi zutela esan, aitak hori sinestu eta berriro bidali zuten Ursulinatara zigortuta.
Garai hartako emakumearen egoera
Frontera itxita zegoen eta pasaportea ateratzeko Servio Social-en egin behar zen. Lehenengo, Falangeko oinarri guztiak ikasi behar ziren eta, ondoren, azterketa bat Donostiako Prim kalean. Gero umeen arroparekin kanastilla egin behar zen eta Azkoitira eraman. Ikasketak egiteko ere hori egin behar zen, horrela jasotzen zenuen titulua. Hala ere, baserriko emakumeek ez zuten horren beharrik.
Iturria: Zuloaga Muxika, Ione. (2023). Zestoa 1936-1959: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan. (II. Liburukia). Aranzadi Zientzia Elkartea.