Altxatutako tropak Azpeitian sartu zirenean, Maritxu eta Juana, ahizpa, Gipuzkoako hiriburura joan ziren eta Londres hotelean lanean hasi ziren.
Bi urteko espetxe-zigorrera kondenatu zuten Maria "matxinada militarra"ren delitua leporatuta
Maria Aranguren Olazabal Azpeitian jaio zen, Odria auzoko Arauntza baserrian. Zerbitzari-lanetan ibili zen, lehenengo Azpeitian eta militarrak bertan sartu zirenean, Donostian.
Matxinada militarraren delitua
Maria Aranguren Olazabalek Errepublika-garaian, Azpeitiko Lizarra hotelean aritu zen zerbitzari-lanetan. Altxatutako tropak Azpeitian sartu zirenean, Maritxu eta Juana, ahizpa, Gipuzkoako hiriburura joan ziren eta Londres hotelean lanean hasi ziren.
1938ko martxoaren erdialdean, Zaintzako Komisariako bi agente Aranguren Olazabal familiako baserrira eta bi ahizpek Londres hotelean zituzten logeletara joan eta hainbat gutun, egunkari eta "gordeta zuten zilarrezko txanpon bat" konfiskatu zizkieten.
1938ko martxoaren 23an Donostiako komisarian deklaratu ondoren, Ondarretako espetxean sartu zuten Maritxu, 25 urte zituela. Deklarazioan, eta handik egun batzuetara instrukzio-epailearen aurrean, aitortu zuen berak idatzia zela agintari militarrek honela deskribatu zuten gutuna: “gutunak frankisten gerra-operazioen nondik norakoei buruzko ideia ezkorrak adierazten zituela, sinatzaileak poza adierazten zuela horren harira eta aberriaren batasunaren aurkako adierazpen subertsibo bat ere idatzita zegoela”. Azken adierazpen hori Maritxuk amaieran idatzitako agurrari zegokion: “Gora Euzkadi Askatuta”.
1938ko urriaren 11n bi urteko espetxe-zigorrera kondenatu zuten Maria "matxinada militarra"ren delitua leporatuta, ebatzi baitzuten Maritxuk idatzitako gutunean "Fronte Popularraren matxinada sustatzen zuten" adierazpenak zeudela idatzita.
Iturria: Donostiako Udala eta Aranzadi Zientzia elkartea. (2019). Donostia 1936: Oroimena izendatzen. Giza eskubideen urraketak Gerra Zibilean eta Frankismoan. www.donostia.eus/1936