1937ko apirilaren 27an, Gernikako bonbardaketaren biharamunean, Errepublikak eskolak itxiarazi zituen.
Island of Wightera joan zen bere kargu 20 bat neskatila zituelarik.
María Dolores Goya, Manuel Goya Urbieta eta Josepa Mendiola Zabalegiren alaba izan zen. 3 anai-arreba izan zituen: Ricardo, María Luisa eta María Blanca Goya Mendiola. 1913ko abuztuaren 29an jaio zen Donostian, baina gerra bitartean Southampton eta Parisen bizi izan zen. Bizitza osoa irakasle lanetan eman zuen.
Etengabeko bidaia
1936an María Dolores Donostiako portutik Bermeora abiatu zen bere ama eta bi ahizpekin bertan euren aitarekin elkartzeko. Hezkuntzan izena eman eta Plentziako eskolara bidali zuten. 1937ko apirilaren 27an, Gernikako bonbardaketaren biharamunean, Errepublikak eskolak itxiarazi zituen.
Horren ondorioz Dolores lanik gabe geratu zen eta maiatzaren 22an "La Habana" ontzian Southamptonera abiatu zen. Handik Island of Wightera joan zen, bere kargu 20 bat neskatila zituelarik. Bertan 9 hilabete pasa zituen Parisen Jaurlaritzan lanean ari zen bere ahizpa zaharrenak erreklamatu zuen arte. Frantziako hiriburuan 2 urtez egon zen Dolores.
Handik Donibane Lohizunera joan zen bere guraso eta ahizpa gazteenarekin elkartzeko. 1941an muga pasatzen saiatzerakoan, Dolores atxilotu zuten. Umeekin Ingalaterrara joan izana leporatu zioten eta 10 urteko espetxe zigorra ezartzen saiatu ziren, baina azkenik libre utzi zuten.
Ikastolen mugimenduen hastapenak
Irakaskuntzan jarraitu zuen Dolores eta 1943an eskola bat ireki zuen Ergobian. Urte horretan Luis Egaña Mendiorozekin ezkondu zen eta hurrengo urteetan hiru seme-alaba izan zituzten: Xabier, Miren eta Peli Imanol.
1951n etxean ikastola irekitzea erabaki zuen, eta 1970. urtera arte bertan lanean jardun zen gaixotasun batek eraginda erretiratu zen arte. Gerra ondorengo urte haietan Maria Doloresek, beste hainbatek bezala, ezinbesteko lana egin zuen euskal irakaskuntzan.
Iturria: Donostiako Udala eta Aranzadi Zientzia elkartea. (2019). Donostia 1936: Oroimena izendatzen. Giza eskubideen urraketak Gerra Zibilean eta Frankismoan. www.donostia.eus/1936