Euskaldun ofizialen uniformeetarako intsigniak bordatzen lan egin zuen.
Ama ez zuten herrira sartzen utzi II. Errepublikan zehar egin zuen jardun politikoagatik.
Miren Artano Gastesi 1921eko otsailaren 8an Alegian jaio zen. Haren ama, Filomena Gastesi Iturrioz izan zen eta aita Jose Artano Altuna.
Gardoki 6 txaleta
Miren Artanoren ama, Filomena Gastesi Iturrioz, II. Errepublika garaian Alegiako Emakume Abertzale Batzako presidentea izan zen. Aita, Jose Artano Altuna, iturgina eta bizargina ofizioz, EAJ/PNV-ko afiliatua izanik, Alegiako Batzokiko sortzaileetako bat izan zen.
Horren guztiaren eraginez, eta Alegian pairatzen zuten arriskuaz berri eman ostean, gerra hasi eta gutxira, Miren Artano Gastesi, bere anaia Mikel eta aita Jose-rekin, Amezketan errefuxiatu zen. Gero Bilborako bidea hartu zuten guztiek eta han, beste zenbait alegiarrekin Gardoki 6 kaleko txaletean bizi izan zen. Bitartean, Mirenek, euskaldun ofizialen uniformeetarako intsigniak bordatzen lan egin zuen. Tropa frankistak Bilbora sartzerako, Santaderrera egin zuten trenean eta handik, Sarastone itsasontzian, Frantziara joan ziren. Han, Clères-en egon ziren errefuxiatu gisan.
Errepresioa
Behin, Alegiara itzulita, errepresio frankista jasan behar izan zuen Mirenek. Izan ere, gurasoei haien ondasun higiezinak kendu zizkieten. Gainera, ama Filomena Gastesi Iturriozi, ez zuten herrira sartzen utzi II. Errepublikan zehar egin zuen jardun politikoagatik. Aita, berriz, Ondarretako kartzelan egon zen urtebetez.