Izan Ginenak

Emakumeen bizitzak

IZAN GINENAK > EMAKUMEEN BIZITZAK > MIREN IXIAR INTXAUSTI ARREGI

MIREN IXIAR INTXAUSTI ARREGI 1930

Babarrunak, azak, esne hutsa eta amak etxean egiten zituen taloak jaten zituzten.

"Bederatzietan eskolara sartzen ginenean, eta eskuarekin agur falangista egin eta Viva España kantatzen genuen”.

Miren Ixiar Intxausti Arregi Legorretan jaio zen 1930ean. Bere ama Manuela Arregui Jauregui eta aita Ricardo Inchausti Larrañaga ziren.

1936ko gerraren oroitzapenak
Ixabelek gogoratzen du nola ezkutatu behar izan zuten gerran zehar frankistek aita ez eramateko. Baliarraingo baserri batera joan ziren eta han zeudela, Armada ondotik pasatu zen. Baserriko guztiak ezkutatu ziren gela batean lau edo bost soldadu, eskopeta eta guzti, baserri ondotik pasa zirelako. “Eta gu barruan isil-isilik. Eta pasa zirenean han geratu ginen, larri”. 
Egun baten, haien aitona, Alegiakoa, hil zelaren abisua jaso zuten eta bere etxea hutsik geratu zenez, Legorretatik Alegiara mugitu ziren. Aitonak denda bat zuen, eta han geratu zen generoa: alpargatak, karameluak, argizaria… 

Janaria
Ixabelek bere amak ogia etxean egiten zuela gogoratzen du, eta beti oilo baten bat zutela ere, horregatik ez du gosea pasa izanaren oroitzapenik. Babarrunak, azak, esne hutsa eta amak etxean egiten zituen taloak jaten zituzten. Postrerik ez zuten jaten, baina gaztaina garaien gaztaina egosiak eta sagar errea jaten zuten.

Eskolako oroitzapenak 
Gerra ostean eskolan dena erdaraz egiten zuten. Alegiako eskolan oso maistra jatorraren oroitzapena dauka Ixabelek: “Lolita Berroa, Maria Dolores zen, baino berari Lolita esatea gustatze zitzaion. Larunbatetan Irunera joan behar izaten zuen, bere etxera. Goizean, dictado, sumar, restar… arratsaldean laborea. Eskolan, asten behin, erretorea etortzen zitzaigun erlijioa esplikatzea. 9etan eskolara sartzen ginenean, eta eskuarekin agur falangista egin eta Viva España kantatzen genuen”.

Garai horretan bakoitzak bere etxean bakarrik egiten zuen euskaraz. Ixabelek hika egiten zutela gogoratzen du, eta amari zuka. “Alegian zuka egin beharrean, berorika hitz egiten zen”. 

Iturria: Zuloaga Muxika, Ione. (2019). Alegia 1936-1945: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan. Aranzadi Zientzia Elkartea.