Izan Ginenak

Emakumeen bizitzak

IZAN GINENAK > EMAKUMEEN BIZITZAK > NATIVIDAD ZUAZO ETXEBERRIA

NATIVIDAD ZUAZO ETXEBERRIA 1913

Sumarisimoa ireki zioten frankistek oinean intsignia abertzalea eramateagatik.

Frankistentzat irudi hori euskal separatisten sinbolotzat hartu zuten eta Natividadi konfiskatu zioten.

Natividad Zuazo Etxeberria 1913ko abenduaren 23an Zestoan jaio zen. Margarita Etxeberria eta Romualdo Zuazoren alaba. Bigarren Errepublikan zehar Emakume Abertzale Batzako militantea izan zen eta kutsu abertzalea zuten antzerkietan parte hartu zuen. Propaganda abertzaleaz ere arduratu zen.

Gerraren hasiera

Tropa frankistak Zestoara sartzear zeudela, Bilbora egin zuen bere senideekin. Bertan egon zen errefuxiatuta 1937ko apirilera arte. Apirilean, Santander aldera egin zuten. Handik, ama eta bere ahizparekin batera, itsasontzi frantses batean Paulliac-era ebakuatu zituzten. Handik Donibane Garazira lekualdatu zituzten eta bertan 4 hilabete inguru egin zituzten. Lau hilabete horien ostean, Tardes-era lekualdatu ziren. Frankistek Natividaden ama eta ahizpari, Euskal Herrira bueltatzeko baimena eman zieten. Baina Natividad Zuazo eta haren aita Romualdo Zuazo, ezin izan ziren itzuli 1943ko abenduaren 18ra arte, frankistek ez baitzieten eman ordura arte itzultzeko baimenik.

Intsignia abertzalea soinean

1944ko otsailaren 10ean, Natividad Zuazori 112-44 sumarisimoa ireki zioten frankistek Bilboko behin-behineko 1 epaitegian "Delito comprendido en la Ley de Seguridad del Estado". Natividad 29 urte zituen eta Bilbon bizi zen momentu horretan. Denbora gutxi zen Iparraldeko erbestetik iritsi zela, eta soinean intsignia abertzalea eramateagatik ireki zioten sumarismoa.

Intsigniak ‘Euskal Herria’ hitzak eta Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroako armarriak zeraman. Frankistentzat irudi hori euskal separatisten sinbolotzat hartu zuten eta Natividadi konfiskatu zioten.

1944ko apirilaren 18an, behin betiko askespena eman zioten, intsignia abertzalea ez zela berretsi baitzuten. Maiatzaren 5ean, intsignia Natividad Zuazori itzultzeko agindu zuen Seigarren Eskualde Militarreko kapitain jeneralak.

Iturria: Zuloaga Muxika, Ione. (2023). Zestoa 1936-1959: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan. (II. Liburukia). Aranzadi Zientzia Elkartea.
Izan ginenak Izan Ginenak