Ilea moztu eta errizino olioa edatera derrigortu zuten frankistek. Horren ondoren, kalean gora eta behera paseatzera derrigortu zuten.
Frankistak hilabeteak kontatzen zizkioten Petronilari sabela geroz eta handiagoa zuelako, haurdun zegoela iseka eginez
Petronila Gomez Aizpurua jaiotzez zumaiarra zen. Maria Silvestra Aizpurua arrantzalearen alaba. Bera ere lanbidez arrain saltzailea izan zen. Petronila Gomez Ildefonso Joakin Rodriguez Tomerekin ezkondu eta hiru seme izan zituen: Luis (zaharrena), Joakin (frankistek izugarrizko jipoia eman zioten hil zuten) eta Pepe.
Errepresioa
Azkoitira lekualdatu eta alargununtzean, Jose Aranbarri “Aldako” baserrikoarekin ezkondu eta Jesus Aranbarri Gomez semea izan zuten. Petronila Gomezi, Azkoitira frankistak sartzean, etxea hustu egin zioten goitik behera. Ordurako semeak gerran Bigarren Erepublikaren alde borrokatzen zeuden. Hori gutxi ez eta, ilea moztu eta errizino olioa edatera derrigortu zuten frankistek. Horren ondoren, kalean gora eta behera paseatzera derrigortu zuten. Egoera hartan, medikua agertu zen nahikoa zela esanez eta emakumea bakean uzteko. Petronila Gomez, “gorria” izateaz akusatu zuten frankistek eta hori aitzakiatzat hartuta jasan behar izan zuen errepresio sexuatua.
Errepresioa ez zen horrekin amaitu, diktaduran zehar ere une latzak jasan behar izan zituen. Arrain saltzailea zen eta Azkoitiko merkatuan zuen bere postua. Herritar batzuk, dirurik ez zutenean bere saltokira hurbiltzen ziren arrain eske eta Petronila Gomezek arraina ematen zien trukean dirurik jaso gabe. Herritar berdinek, dirua zutenean, beste arrain saltzailearena joaten ziren, Petronilari eskuan dirua zutela erakutsiz eta adieraziz beste arrain saltzaileari erostera zihoazela. Zor handiak utzi zizkioten Petronila Gomezi.
Frankisten jazarpena
Horrez gainera, zenbait aldiz, etxerako bidean ere frankistek jazarri egin zuten, suziriak botatzen zizkioten “gorria” zela adieraziz eta bera korrika alde egin behar izaten zuen. Horrek ondorio larriak izan zituen Petronila Gomezengan. Hilekoa geratu egin zitzaion eta sabela handitzen hasi. Garai hartan, bere senarra Juin Torrean preso zuten eta Petronila senarrari janaria eramatera joaten zen askotan. Frankistak hilabeteak kontatzen zizkioten Petronilari sabela geroz eta handiagoa zuelako, haurdun zegoela iseka eginez. Gerora Petronila Gomezi operatu eta 11kg-ko tumorea kendu zioten.