Izan Ginenak

Emakumeen bizitzak

IZAN GINENAK > EMAKUMEEN BIZITZAK > ROSARIO MUXIKA LARRAÑAGA

ROSARIO MUXIKA LARRAÑAGA 1917

Frankistek 9 urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten Rosario Muxika Larrañaga 'por excitación a la rebelión'.

Aizarnan, Zestoan, jaio zen. Maria Larrañaga eta Jose Muxikaren alaba zen. 1931ko azarotik Donostian bizi zen eta hiriko etxe ezberdinetan zerbitzatzen lan egiten zuen. 

Gerra hastean, Rosario Saseta familia abertzalearen etxean lan egiten zuen. Baina, tropa frankistetatik ihesi Saseta familiak alde egin behar izan zuenez, Rosario Donostiako beste etxe batean ezkutatuta egon zen, Aizarnara itzuli zen arte.

1936ko urrian, Elena Lalanne Gonzalezek salatu eta falangistek atxilotu egin zuten. Baina, galdeketa egin eta aske uztea erabaki zuten. 

Atxilotuta propaganda gorria egiteagatik
Ondoren, 1937ko ekainean, Donostiara itzuli zen lanera, Fernando Martinez de Ceballos madrildarraren etxera. Azken honek, akademia bat zeukan etxean. Egun gutxira, madrildarrak Rosario salatu zuen ikasleei euskalduna zela esateagatik eta alderdi abertzale eta ezkertiarraren propaganda egiteagatik.

Horren ostean, Donostiako Probintziako kartzelan sartu zuten eta behin-behineko 13 epaitegian bere aurkako Gobernu-Informazioa hasi zuten. Hurrengo hilabeteetan deklarazio ugari egon ziren eta azkenean, 1937ko urrian, frankistek 9 urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten Rosario Muxika Larrañaga “por excitación a la rebelión”.

Elena Lalannek gerora egindako deklarazio batean adierazi zuen ez zuela Rosario Muxika ezagutu tropa frankistak Donostiara sartu ziren arte, “que solamente hizo la denuncia por las referencias que había adquirido sobre sus antecedentes”.

1938ko urtarrilean, Saturrarango Emakumeen Espetxera (Mutriku) lekualdatu zuten, bertan hilabeteroko azterketetan “ondo” atera eta 1941eko ekainean baldintzapeko askatasunean utzi zuten.

1943ko abuztuan, Zigorrak kommutatzeko Batzorde Nagusiari bere kartzela-zigorra jaisteko eskaera egin arren, Rosariok 9 urteko kartzela-zigorra bete behar zuela adierazi zuen Batzordeak.
 

Iturria: Zuloaga Muxika, Ione. (2023). Zestoa 1936-1959: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan. (II. Liburukia). Aranzadi Zientzia Elkartea.