Rosario Olaizola Alegria 1921ean jaio zen Azpeitian. Aitak zapatari bezala egiten zuen lan, zapatak neurrira egiten zituen. Batzokiko lehendakaria, Euzkadi eta Argiako korrespontsala eta alkateorde lanetan ere aritu zen garai horretan.
Gerraren hasiera
Rosariok gogoratzen du irailaren 20an, eguerdiko hamaiketatik hamabietara bitartean sartu zirela erreketeak Azpeitian. Fusilak eskuan zituztela sartu ziren. Batzokia Olaizola-Alegria familiaren etxe aurrean zegoen, eta arratsalde partean zarata handi bat entzun zuten. Begiratzera joan zirenean Eusko Etxeko errotulua bota zutela ikusi zuten. Su eman zioten denari, ikurrinak tarteko. Komertzio batzuk ere sakeatu zituztela gogoratzen du.
Hurrengo egunean, goizeko zortzietan, familiaren etxera joan ziren aldabatxoa joaz. Etxea errebisatzera joan ziren. Gerora ere sarritan joaten zirela oroitzen du Rosariok: “Behin Solchaga jeneralaren bi iloba etorri ziren etxea erregistratzera. Ama eta biok geunden etxean, eta egongelara sartu, butaka batean eskua sartu eta bi bala atera zituzten, aurretik han baleude bezala. Norenak ziren galdetu eta nire amak, lasaitasun guztiarekin, ez zekiela erantzun zuen, beraiek ekarriak izango zirela”. Horrelakoengatik materiala, liburuak eta bestelakoak etxean gordetzea arriskutsua zen eta izeba Lolaren etxean gordetzen zituzten.
Familiaren banantzea
Aitak, Antonio Olaizola Echeverriak, irailaren 19an egin zuen alde Azpeititik, anaia, Imanol Olaizola Alegria, eta ahizpa Mª Dolores Olaizola Alegriarekin. Mª Dolores gudarientzako alkandorak josten ibili izan zen, eta horren ondorioz errepresioren bat jasango zuen beldurrez egin zuen ihes. “Egun batean aguazila etorri zitzaigun, esanaz Bilbon zeuden familiarrak itzultzen ez baziren gu Nafarroara joan beharko ginela. Honetaz konturatu eta beheko bizilagunak, gizona karlista baitzuen, abisatu zigun hurrengo egunean ez irteteko kalera, eta ez ginen atera, eta horrela salbatu ginen”.
Ahizpa etxera itzuli eta hurrengo egunean Donostiara eraman zuten atxilotuta eta bertan hogeita bi hilabetez egon zen preso. Ama ostiralero joaten zitzaion bisitatzera. Hango funtzionario baten alabak ezagutu egin zuen eta bulegoa garbitzen, eskutitzak banatzen, eta antzerako zereginetan ipini zuten lanean. Anaia Imanol aldiz, Kantabrian, Laredon edo harrapatu zuten, eta Iruñeara eraman, Ezkabako presondegira, bertan hiru urte pasa zituelarik. Eta Aitak aldiz Puerto de Santa Mariako espetxean amaitu zuen. Lau-bost urtez espetxean egon zen, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Halere lortu zuen heriotza zigorretik libratzea, bere arreba moja batek errekurtsoa jarri izanaren ondorioz.
Errepresioa
Rosarioren aita Euzkadi eta Argiako korrespontsala izanda, dendan euskarazko liburu asko zeuzkan. Aguazilak dendaren giltzak eskatu zizkion familiari soldaduak beren zapatak konpontzera sartzeko eta aitak zeukan material guztia erabili zuten: “Ezer gabe geratu ginen, dena kendu ziguten”.
Gosea
“Guk goserik ez genuen pasatu, baina inguruan gosete handia zegoen. Errazionamenduan ematen ziguten kafea arto irinagatik aldatzen genuen, errotakoa laguna baikenuen. Ondoren irin horrekin taloak egiten genituen, barruan txorizoa edo gazta jarrita. Horrela betetzen genuen tripa”.