Izan Ginenak

Emakumeen bizitzak

IZAN GINENAK > EMAKUMEEN BIZITZAK > ANGELA IRIBAR AREIZAGA

ANGELA IRIBAR AREIZAGA

Frankistek, emakumea, gizonezkoaren objektu gisan erreparatzen zuten eta ez subjektu politiko aske gisan.

Gerra aurreko etxera itzultzen saiatu ziren, baina beste batzuen eskuetan zegoenez beste etxe batean alokairuan bizi behar izan zuten.

Angela Iribar Areizaga emakume getariar errepresaliatua izan zen. Juan Azkue Ibarbia bere senarrarekin seme bat izan zuen: Joxe Azkue Iribar. 1937an frankistek Angela eta bere semea  Getariatik kanporatu zituzten. 

Bere herritik kanporatuta

1937ko otsailaren 13an, bere seme Joxe Azkue Iribarrekin batera, udaletxe frankistak, gerrako fronteak borroka bizian zeudenean, Getariatik kanporatu zuten Angela Iribar. Horren arrazoi nagusia, bere senarra Juan Azkue Ibarbiak Euskadiko Gudontzidiko Itsas Boluntarioen zerrendan izena ematea eta Bigarren Errepublikako gobernu legitimoaren alde estatu-kolpea emandako tropa frankisten aurka borrokatzea izan zen. Frankistek, emakumea, gizonezkoaren objektu gisan erreparatzen zuten eta ez subjektu politiko aske gisan. 

Getariatik bota zutenean, Eusko Jaurlaritzak trazatutako errefuxiatuen bidea egin behar izan zuen Angela Iribarrek bere semearekin. Lekeitiora iritsi eta 1937ko apirilaren 26an Gernikako alemaniar eta frankisten hegazkin bidezko bonbardaketak eragindako hilketaren lekuko izan zen. Beste zenbait errefuxiatu bezala, ondoren Bilbotik Frantziarako bidea hartu zuen. Han, Juan Azkue Ibarbia senarrarekin elkartuta, basoetan 11 hilabetez lanean jardun zuten. Familiak udaletxe frankistari egindako eskarien eraginez, 1938ko maiatzaren 19an, Getariara itzultzeko baimena eskuratu eta herrira bueltatu ziren. Gerra aurreko etxera itzultzen saiatu ziren, baina frankistek Getariatik familia kanporatu zutenean etxea konfiskatu zutenez, beste batzuen eskuetan zegoen eta beste etxe batean alokairuan bizi behar izan zuten.
 

Iturria: Zuloaga Muxika, Ione. (2020). Getaria 1936-1945: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan (II. Liburukia). Aranzadi Zientzia Elkartea.