Izan Ginenak

Emakumeen bizitzak

IZAN GINENAK > EMAKUMEEN BIZITZAK > JUANA AGUIRRE OYARZABAL

JUANA AGUIRRE OYARZABAL

Frankistek, emakumea gizonezkoaren objektu gisan ulertzen zuten; emakumea kanporatuz, gizonezkoaren erreakzioa ikusi nahi izan zuten.

Juana Agirre Oiarzabal azpeitian jaio zen. Begoña Errasti Agirreren ama eta Francisco Errasti Egiguren “Trukuman” zestoarraren emaztea izan zen. Senarra Eusko Gudarosteko Osasun-zerbitzuko kidea izateagatik kartzelara sartu zuten, bere anaiarekin batera, eta horregatik Juana Agire Azpeititik kanporatu zuten frankistek Lazkaon babestuta bukatu behar izan zuelarik.

Azpeitia uzteko agindua
1937ko otsailaren 4an, Azpeitia uzteko agindua jaso zuen: “Habiendo transcurrido con exceso, el plazo concedido por el Alto Mando para que vuelvan a sus domicilios los cabezas de familia, huidos al campo enemigo, y no habiendo dado cuenta de haberse presentado, procederá en un plazo de cuarenta y ocho horasa marcharse del pueblo, adoptando una de las resoluciones siguientes: 1ª.-Pasar directamente al campo enemigo y 2ª.-Dirigirse a otra provincia Española. La determinación que adopte, se servirá comunicar a esta Comandancia Militar por escrito. Dios guarde a V. muchos años. Azpeitia 4 de Febrero de 1937 El Comandante Militar Emilio Gomez del Villar”.

Hura kanporatzeko arrazoia, bere senarra Francisco Errasti praktikantea eta Zestoako azken udalbatza errepublikanoko zinegotzia izana, Eusko Gudarosteko Osasun-zerbitzuko kidea izan eta gerran egotea izan zen. Juana Agirreri hasieran, bere Azpeitiko familiako Odriye baserriko izebak, bertan ezkutatzeko esan zion. Hauek karlistak ziren eta beraz, babestuta egongo zen. Hala, baserrira igo zen, baina norbaitek ikusi zuen eta goizeko 2:30ak inguruan, Guardia Zibila joan zen baserrira ate joka. Agindua argia zen, hurrengo egunean Iruñara abiatu behar zuen Juana Agirrek. Hala eta guztiz ere, gestio batzuk egin ostean, Lazkaon geratu ahal izan zuen ahizpa baten etxean. Ordurako haurdun zegoen. 

Emakumeen kanporaketak
Frankistek, Juana Agirrek ekintza politikorik egin ez bazuen ere, haren senarrak egindakoa hartu zuten kontutan herritik kanporatzeko. Frankistek, emakumea gizonezkoaren objektu gisan ulertzen zuten; emakumea kanporatuz, gizonezkoaren erreakzioa ikusi nahi izan zuten. Lazkaon, Transportes Azkar-eko ahizpak ere bertan ziren. Azken horiek ezkutatuta zeuden, gainera, baimenik ere ez zuten kalera irten ahal izateko. Juana Agirrek berriz, Lazkaon eta inguruetan lasai ibiltzeko aukera zuen. Hala eta guztiz ere, Beasainera joan eta azpeitiarren bat ikusten bazuen, erreketeen aldekoa bazen, ez zion begi onez begiratzen eta kalean zer egiten zuen ere galdetzen zioten.
 

Iturria: Buces Cabello, Javier. Azpeitia 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian. (I.Liburukia). 2016. Aranzadi Zientzia Elkartea.